Saskia

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotala
Bidalketa azkarra Bidalketa normala Bidalketa gastuak Doako bidalketa
(Bidalketa doakoa izateko falta zaizkizu) falta zaizkizu kostua 2€ izan dadin
Deskontu-kupoia {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Zure deskontu kupoian {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ geratzen zaizu. Kontuan izan kupoia behin bakarrik erabil dezakezula
Ordainketa guztira
Bidalketak 24 ordutan. Bidalketak 72 ordutan. Liburua jasoko duzu: {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Une honetan ez duzu ezer saskian. Liburudendara joan.
  • Home
  • Berriak
  • Ngũgĩ wa Thiong’o, idazle baten bizia eta lana herriaren...

Ngũgĩ wa Thiong’o, idazle baten bizia eta lana herriaren zerbitzura

Nobel sarirako hamaika aldiz hautagai izan da Ngũgĩ wa Thiong’o kenyar idazle eta intelektual handia. Bere literatura eta saiakera lanak nazioartean dira ezagun, bereziki mundu kolonial eta postkolonialari egin dizkion kritika zorrotzengatik eta hizkuntza gutxituen defentsagatik. Hainbat argitaletxeren elkarlanari esker, Iraultza bertikala euskaraz kaleratu berri du Txalapartak. Estilo klasikoko alegia hau kikuyu hizkuntzan idatzi zuen, eta laurogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli dute; orain, euskarazkoarekin aldi berean eta edizio elebidunean kaleratu da katalanez, galegoz, asturieraz, araneraz eta gaztelaniaz. Liburuaren epilogoan, Rayo Verde argitaletxeko Laura Huerga editoreak idazle bikain honen biziari eta obrari xehe begiratu dio. Hona ekarri nahi izan dugu, irakurlearen gosea piztuko duelakoan.

Ngũgĩ wa Thiong’o idazle kenyarra da. Kaliforniara erbesteratu zen, eta unibertsitateko katedradun dihardu bertan. Gaur egun, Ngũgĩk kikuyu hizkuntza darabil idazteko, bere ama-hizkuntza. Ingelesaren erabileraren eta bere kulturari egiten dion ekarpenaren inguruko autokritikako eta berrazterketako prozesu batetik abiatuta idazten du.

Britainiar kolonialismoaren aurkako borrokaren unerik latzenetako batean hazia, Ngũgĩk bere oroitzapenak biltzen dituen trilogian azaldu zuen pribilegiatu bat izan zela, gaztetan jasotako hezkuntzak bide eman baitzion Nairobiko Unibertsitatean irakasle aritzeko, bertan soilik ingelesa irakatsi bazuen ere. Hainbat urte geroago ekin zion berezko hizkuntza eta kultura defendatzeari.

Baliteke ingelesa erabili izana ikasleek Kamandũratik Manguora alde egiteko arrazoitzat, baina, hizkuntzaren irakaskuntzari dagokionez, ez dut uste alde handia egongo zenik bi zentroen artean. Ia irakasle guztiak erlijio-misioek edo gobernuak sortutako eskoletan heziak ziren, eta ezin zitzaien gehiago eskatu.

Ametsak gerra-garaian

Kultura britainiarraren inposizioak eskola afrikarrak desagerrarazi, eta eskola ingelesak ezarri zituen horien ordez. Haietan, hizkuntza eta kultura ingelesak eta britainiarrek afrikarrei buruz zuten iritzia lehenesten ziren. Gizon zuri ingelesen ausardia eta ohorea nabarmentzen zuten testu arrazistak irakurrarazten zizkieten, hizkuntza eta kultura afrikarrekiko mespretxuzko begirada eraginez.

Horregatik, 1955ean eta 1956an Biggles-en liburuak irakurri nituenean, kontraesan dramatiko batean murgildu nintzen. Bigglesek, zeruetako jauna eta Royal Air Force delakoaren eskuadroi-buruak, bonbak jaurtiko zitzakeen lasai asko nire anaiaren beraren gainean, Kenya mendiko basoetan. Edo Scotland Yard-eko Raymond-ek bidali ahalko zuen, Kenyan Britainiar Inperioaren aurka zihardutenak aurkitzeko. Edozelan ere, nire anaiari aurka egingo ziokeen, zalantzarik gabe. Basoan borrokan ari zen arren, nirekin harremanetan jartzeko eta, zetorrena zetorrela, niri ikasketak utz ez nitzala esateko astia hartu zuen anaiak. Basoetan, bada, nire anaiak eta haren Mau Mau kideek, hain abertzaleak eta nazionalista kenyarrak izanik ere, ospatu egin zuten ni Alliance High School-en onartu izana. Bertan ezagutu nuen Biggles, beraiek bezain abertzalea zen alegiazko pertsonaia, baina aurkarien bandokoa, britainiarra. Agian horrek azal dezake ni pertsonaiarengandik pixka bat urrun sentitu izana beti. [...] Haren liburuetan oinarrizko ideia bera aplikatzen zen mundua generoaren eta arrazaren arabera definitzerakoan. Bigglesen munduan ez zen emakumerik. Azken batean, Inperioaren eraikuntza eta haren defentsa gizonen kontuak ziren, eta emakume zuri ahulek horien jokaera miretsi eta txalotu besterik ezin zuten egin.

Erdigunea aldatzen

Horrez gain, kalean ere bizi zuten arrazakeria. Ngũgĩk berak jasan zuen institututik bizileku berrirako bidean. Kontzentrazio-esparru batera aldatu zituzten haren herriko biztanle guztiak, inguruko gainerako herrietakoekin batera, zaintzarako dorrez inguratuta egon zitezen, bertan lokalizatuta eta soldadu armatuek zainduta.

Komunitate batzuek besteek baino pribilegio gehiago zituztelako ilusioa sortzean, Estatuak lehendabizikoen leialtasuna bereganatzea espero zuen. Baina une erabakigarria iristean, sarekada bat zegoenean, arrazaren koloreak bihurtzen zuen norbait susmagarri, ez zirkulazio librerako txartelak. Soilik atxiloketaren ondoren kontsultatzen zituzten nortasun-agiriak, kikuyuak, enbuak eta meruak gainerakoengandik bereizteko. Ordurako, jazarpen eta umiliazio motaren bat pairatutakoak ziren guzti-guztiak.

Interpretearen Etxean

Bitartean, eskola zen haren babeslekua. Eta zalantzak ugaltzen zihoazkion. Ez zegoen kikuyu hizkuntzan idatzitako libururik ez irakur zezakeen testurik. Are gehiago, ez zen kikuyu alfabetorik izan britainiarrek beren kultura eta erlijioa inposatu beharra agerikoa izan zen arte. Hori baino lehen, kultura eta literatura kenyarrak ahoz transmititzen ziren, Ngũgĩk Gogoa deskolonizatzen saiakera-lanean azaltzen duen bezala. Ipuinak, kontakizunak, antzerki-lanak, mitoak eta kondairak ahoz aho igarotzen ziren belaunaldi batetik hurrengora.

Inperialismoak eta haren ideologiaren misiolariek idazketa abiatu zuten Afrikako hizkuntza askotan. Beharrezkoa zen mirabekeriaren mezu biblikoa, bortxazko lanak eta zergak ezartzen zituzten administrazio-aginduak eta errebeldeak akabatzeko agindu militar eta polizialak bertako mezulariei ahalik eta modurik zuzenenean adieraztea. Aurkarien inperialismoek eta “zatitu eta garaitu” leloaren araberako praktika kolonialak sistema fonetikoen irudikapen kontraesankorrak zabaldu zituzten hizkuntza bakoitzean, kolonia-mugen barruko antzeko hizkuntza afrikarren kasua ez aipatzearren. Esate baterako, kikuyu hizkuntzak bi sistema ortografiko ezberdin zituen; bata, misiolari protestanteek garatua, eta bestea, katolikoek. Hori guztia zuzendu aurretik, gerta zitekeen bi haur kikuyu gai ez izatea batak bestearen idazkiak edo gutunak ulertzeko. Era berean, inperialismoak alfabetatzea abiatu zuen, baina maiz idazketaren eta hizkuntzaren irakaskuntza bulegari, soldadu, polizia edo funtzionario txikiei mugatua zegoen, nire ikasleei aurkeztu nahi nien misiolarien klase sortu berriari, hain zuzen. Hala, independentziaren bezperan ere, afrikar gehienek irakurtzen eta idazten jakin gabe jarraitzen zuten.

Gogoa deskolonizatzen

Haren oroitzapenak jasotzen dituzten Ametsak gerra-garaian eta Interpretearen Etxean liburuetan, Ngũgĩ wa Thiong’ok lehen pertsonan kontatzen du kulturaren eta hizkuntzaren desjabetze hori guztia. Hezkuntzak ingeles hizkuntzan nota onak izatea lehenesten zuen, gainerako irakasgai guztien gainetik. Hezkuntza arrazista zen hura, herria mendean hartzea asmo zuena. Ngũgĩren esanetan, epe ertainera eta luzera, kultura-inposaketa arriskutsuagoa izan zen inposaketa militarra, politikoa eta ekonomikoa baino.

Manguoko eskola berrian, ingeles hizkuntza modernitatearen funtsezko elementutzat jotzen zuten artean. «Karĩng’a» aldian ingelesak eta kikuyu hizkuntzak baldintza berdinak zituzten; gero, ordea, bertako hizkuntza erabiltzea gaitzetsita zegoen. Eskola barruan sekulako sorgin-ehiza abiatu zen edozein hizkuntza afrikar hitz egiten zutenen aurka; batzuetan, zigor fisikoa ere jasaten zuten. Irakasleek metalezko plaka bat ematen zioten egun hartan edozein hizkuntza afrikarretan mintzatzen harrapatzen zuten lehen ikasleari, eta horrek arauak hausten zituen hurrengoari eman behar zion, eta horrela gainerakoek ere. Eskola-egunaren amaieran, metalezko plaka zeukanak jasotzen zituen zigorkadak.

Ametsak gerra-garaian

Zenbait urte geroago, Nairobiko Unibertsitatean irakaslea zela, emakume batek eskatu zion herritik jasotakoa herriari itzultzeko (Ametsak gerra-garaian liburuan irakur dezakezu nola lortu zuen eskolara joatea). Onartu egin zuen: antzerki-lan bat idatziko zuen haientzat. Baina antzerki-lan bat sortzekotan, ingelesez idatziko zuen? Herritarrek ez zekiten ingelesez, kikuyu hizkuntza baizik, eta alfabetatu gabeak ziren. Ingelesez hainbat eleberri eta saiakera-lan argitaratu ondoren, bere ama-hizkuntza erabili zuen lehendabiziko aldiz herritarrek eraikitako antzoki batean herritar horiek beraiek antzeztuko zuten antzerki-lana sortzeko. Bere obrak herriari nolabaiteko ekarpena egiten ziola sentitu zuen Ngũgĩk azkenik; harrezkero, bere herriaren zerbitzuan zegoen intelektualtzat jo zuen bere burua. Hala ere, haren idazki eta eleberriek herriaren aurka indarkeria eta boterea erabiltzea, berdintasunik eza eta desjabetzea salatu eta kritikatu zituzten beti.

Antzerki-lanak arrakasta handia izan zuen, eta horren berria politikako goi-kargudunen belarrietara iritsi zen. Ngũgĩ wa Thiong’ori urtebeteko espetxe-zigorra ezarri zioten erregimenarekiko kritikoa zen antzerki-lan bat sortzeagatik eta hura berezko hizkuntzan idazteagatik. Jendeak kritika uler bazezakeen eta kalean antzeztutako obra horren bitartez mezua hain erraz zabal bazitekeen, orduan atxilotu egin behar zuten. Haren ingelesezko eleberriak askoz gordinagoak eta zehatzagoak ziren exekuzio masiboak, kontzentrazio-esparruak, lekualdatzeak, txirotzea eta, azken batean, britainiar kolonialismoaren arrazakeria salatzeko orduan. Espetxealdia (epaiketarik gabeko zigorra, Deabruarekin borrokan liburuan azaltzen duenez) ez zen izan, beraz, inperialismoaren aurrean kritiko agertzearen ondorio, botere horrek zapaldutako pertsonen artean lanak zabalkunde handia izatearen emaitza baizik.

Obrak langileen gizarte baldintzak islatzen zituen, eta haien erresistentziaren historia egungo munduan. Arrakasta handia izan zuen. Obra debekatua izan zen, atxilotu egin ninduten, eta, inolako epaiketarik egin gabe, atxilotze-zentro batean egon nintzen 1977ko abendutik 1978ko abendura bitartean.

Erdigunea aldatzen

Hizkuntzaren aitzakian espetxean igarotako urteak Ngũgĩ, herriaren zerbitzuan egonda, bere idazle-izaerari eta erabili behar zuen hizkuntzari buruz hausnartzera eraman zuen. Eta kikuyu hizkuntza aukeratu zuen. Espetxean zenbait zailtasun izan zituen bere ama-hizkuntzan argitaratuko zuen lehen eleberria sortzeko. Hasteko, ez zuen idazteko tresnarik. Soilik aitortza bat idatzi nahi zuela esanda lor zitzakeen boligrafoa eta papera, baina papera eskasegia zen eleberri bat idazteko. Orduan, Ngũgĩk komuneko papera erabiltzeari ekin zion. Bereziki gogorra zen papera, presoak zigortzeko diseinatua baitzegoen, baina, haren esanetan, gorputzerako txarra zena ezin hobea zen idazteko.

Bigarren zailtasuna teknikoagoa izan zen. Ngũgĩk urte luzez jasandako eta barneratutako zapalkuntzaren kontzientzia hartu zuen, eta sorkuntzan eta kulturan berezko hizkuntzaren erabilera aldarrikatu beharra utzi zuen agerian. Halaxe topo egin zuen kikuyu hizkuntzan idazteko lehen zailtasunekin.

Kikuyu idatzia bertakoak ez ziren hiztunek finkatu zuten, misiolari europarrek nagusiki, eta horiek ez ziren bokal ezberdinen luzera hautemateko gai izan beti.

Gogoa deskolonizatzen

Baina Ngũgĩk ez zuen amore eman, eta, Gogoa deskolonizatzen liburuan azaltzen duen bezala, bokal bikoitzaren erabilera asmatu zuen bokal luzea idatziz adierazteko; baita azentu tonalena ere, hitz edo esaldi baten zentzua alda zezaketenak erabili ezean.

Eta horrela ere ez ninduen asetzen, nik hizki edo ortografia-marka berri bat beharko nukeelako bokal luzeak adierazteko. Kikuyu hizkuntza tonala da, baina ezarritako ortografiak ez zuen era horretako aldaerarik islatzen.

Gogoa deskolonizatzen

Zailtasunak gorabehera, kikuyu hizkuntzan argitaratuko zuen lehen eleberria espetxean idatzi zuen -El diablo en la cruz-, eta literatura garaikidearen obra nagusietako bat da egun. Era berean, Ngũgĩ pentsalari garrantzitsuenetako bat da nazioartean, eta hizkuntza eta kultura afrikarren defendatzaile sutsua inperialismoaren eta neokolonialismoaren aurkako borrokan. Izan ere, Afrikaren egungo zapalkuntza-moduak munduko beste toki batzuetan ere aurki dezakegun esklabismo berri baten eskutik doaz. Zerbaitegatik ziurtatzen du Ngũgĩk Hirugarren Mundua, egiatan, mundu osoa dela; halaxe salatzen ditu planetako edozein txokotan ikus daitezkeen muturreko pobrezia-egoerak.

Sarreran aipatu dugun bezala berdintasunaren eta justiziaren alegia bat izateaz gain, Iraultza bertikala ahozko literaturaren aldarrikapen bat da, ipuinak eta istorioak elkarri kontatzen genizkion modu tradizionalarena, hain zuzen. Kontakizunak hitzarekin batera sortu ziren, gure iragana azaldu, gure orainaz hitz egin eta gure balizko etorkizuna igarri behar izan dugulako beti. Hitza irudiak, pentsamenduak, ideiak eta elkarrizketak eraikitzeko tresnatzat baliatuta.

Ipuin hau laurogei hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan da mundu osoan. Hala, elkarrizketa unibertsal bati bide eman dio, hizkuntza batetik besterako itzulpenen berezko ezaugarria dena eta gure kulturak hainbeste aberasten dituena. Itzulpengintzak ikuspegiak hurbiltzen, eskuak luzatzen eta ateak zabaltzen dizkio desberdintasuna ulertzeari. Era berean, gureak ez bezalako adierazpen-moduekin bat egitea ahalbidetzen digu, eta gure hizkuntzari dagozkion hiztegiaren eta aditz-eraikuntzen zein gogo-eraikuntzen mugetan trebatzen gaitu. Horregatik pentsatzen eta defendatzen dugu itzultzea maitatzeko modu bat dela.

Helduentzako eta haurrentzako ipuina da hauxe. Ozen irakurtzekoa, edo beste norbaiti belarrira xuxurlatzekoa. Baina, batez ere, elkarrekin partekatzeko ipuina da. Espero dugu ipuina irakurtzen edo entzuten guk hura lantzen eta argitaratzen bezainbeste gozatu izana.

Laura Huerga, Rayo Verde argitaletxeko editorea

Egilearen liburu gehiago

Erlazionatutako edukiak

Thomas Sankara en su contexto | Giovanni Giacopuzzi |

2016.01.26

Thomas Sankara (1949-1987) fue el presidente de Burkina Faso de 1983 a 1987. Con una potente combinación de carisma personal y fuertes convicciones...

Iraultza bertikala: mitoa eta politika eskutik

2019.03.25

Ngugi wa Thiong'o idazle keniarraren Iraultza bertikala estilo klasikoko alegia bat da, non mitoak, kondairak eta politikak bat egiten...

Afrika, kontinente emankorra

2019.05.17

Afrikako tradizioetan, gaur egungo borroketan, bertako jendearen kezka eta nahietan murgiltzen gaitu hango literatura aberats eta askotarikoak, eta...

Iruzkinak 0 iruzkin

Deskontuak gure irakurle fidelentzat

Edizio independentearekin konpromisoa duten irakurle kritikoen kluba da Txalaparta KLUB. Komunitate hau gure argitaletxearen zutabea da, liburuak kaleratzeko eta ideiak zabaltzeko bide ematen diguna.
KLUBEKO KIDE IZAN eta abantaila guztiez baliatu.

Erlazionatutako artikuluak

40 años de punk (y literatura): breve historia de La Polla Records

2019.05.24

«El final de ETA es el hito de partida de un nuevo recorrido»

2019.05.31