Saskia

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotala
Bidalketa azkarra Bidalketa normala Bidalketa gastuak Doako bidalketa
(Bidalketa doakoa izateko falta zaizkizu) falta zaizkizu kostua 2€ izan dadin
Deskontu-kupoia {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Zure deskontu kupoian {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ geratzen zaizu. Kontuan izan kupoia behin bakarrik erabil dezakezula
Ordainketa guztira
Bidalketak 24 ordutan. Bidalketak 72 ordutan. Liburua jasoko duzu: {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Une honetan ez duzu ezer saskian. Liburudendara joan.

Gure historia

TXALAPARTAren lantaldearen hazia Altaffaylla Tafallako kultura-elkartea izan zen, 1985ean tokiko gaiak eta memoria historikoari buruzkoak argitaratzen hasi zena. Navarra 1936. De la Esperanza al Terror lanak inpaktu izugarria eragin zuen argitaletxe- eta politika-arloan. 1989an, saharar herriari buruzko lan bat kaleratu zuten, eta Kultura Ministerioak urte hartan argitaratutako liburu onenaren saria eman zion.

“Dena lan militantea zen, ordainsaririk gabea. Emaitzak ikusita, alderdi profesionalera pasatzera animatu gintuen jendeak", goratzen du José Mari Esparzak. "Nik ez nuen argi ikusten. Nik, garai hartan, Luzuriaga galdategian egiten nuen lan eta gogoko nuen sindikalista eta kultura-zale dualtasuna, aldi berean langile eta argitaratzaile izatea, baina azkenean aurrera egin genuen”.

TXALAPARTA 1987aren amaieran sortutako argitaletxe txiki bat zen, eta Tafallako taldeak proiektua finkatu eta bultzatzeko erronka onartu zuen. Hala, Esparzak eta Juanjo Marco lankideak galdategiko lanpostua utzi eta TXALAPARTA argitaletxea muntatu zuten Altaffayllaren lokal eta azpiegituretan, zentimorik gabe. “Lehen urtea kobratu gabe igaro genuen, fabrikatik jaso genuenarekin biziz. Altaffayllaren hasierako laguntza hori gabe ezinezkoa izango zen. Oso harro gaude eta bere proiektuetan laguntzen jarraitzen dugu”.

Laister, lagun gehiago batu ziren lantaldera: Iñaki Egaña, Mari Jose Ruiz, Tere Villar, Pernando Barrena...

Txalapartaren hasierako lantaldea, Altaffayllaren lokaletan. José Mari Esparza (zuzendaria), Juanjo Marco (promozioa eta banaketa), Pernando Barrena (editorea euskaraz), Mari Jose Ruiz (Altaffayla) eta Tere Villar (editorea erdaraz).

Garai hartan, euskal argitaletxe konprometitu, progresista eta independentea altxatzea ez zen erraza. Trantsizioak alderdi sozial eta politikoarekin konprometitutako argitaletxe asko desagerrarazi zituen, eta liburuaren merkatua gero eta esku gutxiagotan biltzen ari zen. Liburu-dendetan Che Guevararen liburuak ere desagertu ziren. Horri gehitu behar zitzaion euskal politikaren egoera eta kontakizun propio baten alde egitearen ondorioak: prozesu judizialak, isunak, boikotak, mehatxuak...

Argitaletxeak bizirik iraun zuen aurkako ekosistema horretan hainbat kontutan asmatzeari esker. Alde batetik, lehen liburuen hautaketa. Haietako batzuek arrakasta izan zuten, bereziki Gioconda Belliren La mujer habitada izenekoak, 30 urte hauetan TXALAPARTAk gehien saldutakoak. Euskadi eta Askatasuna argitaletxearen beste ikonoetako bat da. Hain zuzen ere, ezinbesteko erreferentzia bihurtu zuen euskal gatazkaren memoria historikoan.  Eta azkenik, proiektua sostengatu duen zutabea Gure Liburuak sortzea izan zen, argitaletxearen liburuak etxera eramateko sortu zen eta gaur egun 40 argitaletxe independente baino gehiagoren liburuak banatzen dituen irakurle-kluba.

Euskal Herria eta askatasuna entziklopediaren erredakzio taldea eta lantalde komertziala.

Gure Liburuak - Txalaparta Klub

“Aurrena ikusi genuena izan zen gure argitaletxeak itxita zituela ate asko liburu-denda kateetan, prentsan, erakundeetan eta beste hainbat tokitan. 80ko eta 90eko hamarkadetan Euskal Herrian zerbait argitaratzea arrisku handiko jarduera zen, Egin egunkarikoei galdetu besterik ez dago. Gurea bezalako argitaletxe bat eskatzen zuen jendearen laguntza bilatu behar genuen, eta horrela sortu genuen Gure Liburuak“. Hasierako helburua 500 harpidedunetara iristea zen, baina laster izan ziren milaka batzuk estatu osoan. “Klub hura gure argitaletxearen gakoa izan zen”, azaltzen du Esparzak.

Gaur egun, irakurle-klubaren izena ez da Gure Liburuak, Txalaparta Klub baizik. Kideek doan jasotzen dute hiruhileko aldizkaria TXALAPARTAren eta beste 40 argitaletxe independenteren berritasunekin eta erreportaje, albiste eta iritzi-artikuluekin. Aldizkari bakoitzean hainbat liburu gomendatzen ditugu. Irakurlea eskaintzarekin ados baldin badago, deskontu handiarekin jasotzen du liburua. Beste libururen bat nahiago duenak TXALAPARTAren funtseko edo gurekin ituna sinatuta duten beste argitaletxe guztietako beste batez alda dezake. Azken batean, irakurle kritikoei argitaletxe progresista guztiak biltzen dituen liburu-denda bat eskaintzea da asmoa, batzuetan merkatuan nekez aurkitzen diren gai eta egileekin.

Hala, TXALAPARTAk hiru jarduera nagusi ditu gaur egun:

1) Argitaletxea, urtean 30 eta 40 arteko liburu-kopurua argitaratzen duena.

2) Irakurle-kluba.

3) Liburu-denda elektronikoa, 50 argitaletxe baino gehiagoren liburuak saltzen dituena.

Mila bat liburu argitaratuta

TXALAPARTAk ia mila liburu argitaratu ditu guztira, gehienak euskaraz edo gaztelaniaz, eta askotariko katalogoa du hainbat bildumatan banatuta. Euskal gaiei buruzkoak, historikoak eta gaurkotasunekoak, beste internazionalista batzuekin osatzen direnak. Horien artean mundu osoko literatura, saiakera, nazioarteko politika, globalizazioa eta antikapitalismoa, ekologia, feminismoa, herri zapalduak, ezkerreko klasikoak eta abar argitaratzen ditugu. Erotismoari buruzko, haurrentzako, medikuntza alternatiboko bildumak ere argitaratzen ditugu, eta memoria historikoko entziklopediak, aldarrikapen-kartelak, etab.

Gure katalogoan gaur egungo pentsalariak aurki daitezke, besteak beste, Noam Chomsky, Gerry Adams, Fidel Castro, Nelson Mandela, Angela Davis, Álvaro García Linera, Linda Tuhiwai, James Petras, Heinz Dieterich, Edward Said, Slavoj Zizek, Itziar Ziga, James C. Scott, Inmanuel Wallerstein, eta baita klasikoak ere, hala nola, Che Guevara, José Martí, John Reed, Frantz Fanon edo Lissagaray. La Comuna de París lan bikaina argitaratu genion azken horri.

Eduardo Galeanorekin Iruñean, 2001ean.

Literaturari dagokionez, gure argitalpenetan hainbat herrialdetako idazleak nahasten dira modu solidarioan, esaterako, Elena Poniatowska, José Emilio Pacheco edo Paco Ignacio Taibo mexikarrak; Osvaldo Bayer edo Miguel Bonasso argentinarrak; Pramoedya Ananta Toer indonesiarra; Roque Dalton edo Manlio Argueta salvadortarra; Gioconda Belli nikaraguarra; Ondjaki edo Pepetela angolarrak; Mia Couto edo Paulina Chiziane mozambiketarrak; Ngugi Wa Thiong´o kenyarra; Nicolas Dickner quebectarra; Rubem Fonseca brasildarra; Alejo Carpentier, Katiuska Blanco, Daniel Chavarría edo Senel Paz kubatarrak; Ronnie Kasrils hegoafrikarra; Jamaika Kincaid Antigua eta Barbudakoa; Mauricio Rosencof edo Eduardo Galeano uruguaitarrak; Shahrnush Parsipur irandarra; Malika Mokeddem berberea; Pablo Neruda, Francisco Coloane, Díaz Eterovic edo Marcela Serrano txiletarrak; Leonard Peltier Anishinabe-Dakotakoa… Egiptoarrak, kurduak, palestinarrak, maoriak… Guretzat ez dago herrialde arrotzik Lurrean. Eta jakina, euskal idazle asko argitaratu ditugu: Urabayen, Baroja eta Unamuno moduko klasikoak eta egungo euskal idazleak.

Editores Independientes

Globalki pentsatu, lokalki jokatu. “Glokala”. Geure herrialdeko biblioaniztasunaren eta kultura-aniztasunaren aldeko eguneroko borroka horrek gure bokazio unibertsalistan berresten gaitu. Hortik etorri ziren 1998an hasitako argitaratzaileen lehen itunak, Mexikoko ERA argitaletxe historikoak, Txileko LOMek, Uruguaiko TRILCEk eta TXALAPARTAk osatutako Editores Independientes taldea sortu zenean. Orain arte ia ehun liburu argitaratu ditugu beste argitaletxe batekin batera, berrehun bat argitalpen gurutzatutan.

Alliance Internationale des Editeurs Indépendants taldearen bilkura Dakarren, 2003ko abenduan

Talde hori izan zen 2002ko udaberrian Parisen sortu eta gaur egun mundu osoko ehunka argitaletxe hartzen dituen Beste Mundializazio baterako Argitaletxe Independenteen Itunaren hasierako nukleoa. Haren helburuak Dakarko 2004ko bilerako Deklarazioan zehaztuta geratu ziren:

• Liburua ondasun publikoa dela eta ez salgai soila, eta beste erregulazio batzuk behar direla, eta ez merkatuak xedatzen dituenak soilik.

• Argitalpenaren bidez, solidaritatearen, justizia sozialaren, diskriminazioa baztertzearen zerbitzura eta bakearen kulturaren alde dauden proiektuak partekatzeko konpromisoa hartzen dugula.

• Argitalpen independente eta solidarioa defendatzeko eta sustatzeko, kultura-aniztasuna garatzeko, liburutarako sarbidea demokratizatzeko, askatasun-adierazpena bermatzeko eta kontzentrazio-izaeraren aurrean elkartze-izaera sustatzeko borondatea berresten dugula.

• Merkataritza-akordio solidarioak sustatzen ditugula, baterako argitalpen-prozesuak, itzulpen-prozesuak eta hedapen-prozesuak bultzatuz.

• Eta, azken batean, gure sektorearen bidez, globalizazio gizatiarrago, askotarikoago eta solidarioago baterako mundu osoko gizarte zibilaren sorreran modu aktiboan parte hartu nahi dugula.

Estatu espainiarrean, gainera, TXALAPARTA Contrabandos taldekoa da.

Txalaparta.eus, 40 argitaletxe baino gehiago dituen liburu-denda

Etengabeko itun-bilaketa hori Euskal Herriko eta Estatu espainiar osoko 40 argitaletxe, diskoetxe eta kultura-ekoizle baino gehiagorekin lortutako akordioetan ere mamitu da. Horrek aukera eman digu Txalaparta Kluben eta orain liburu-denda elektronikoan eskaintzen ditugun liburuen aniztasuna handitzeko. Eta elkartasunak indarra egiten duenez, bidean ideia eta sinergia esploratu gabeak sortzen joan dira argitaletxe lagun horiekin.

Etorkizun horri begira, uste dugu oso arazo larria dagoela argitaletxe-boterearen metaketarekin, beste kontu batzuen artean, zenbait liburu-mota, pentsameneko saiakerak eta liburuak, desagertzen ari direlako. Liburuaren merkatuan argitaletxe desberdin asko ikusten baditugu ere, gehienak lau talde handirenak dira. Horregatik, arrisku larrian dagoena pluraltasuna, pentsamendu kritikoa eta kultura-aniztasuna dira. Testuinguru horretan, argitaletxe independenteak, txanponaren beste aurpegia erakusten duten eta gai, saiakera eta idazle desberdinak sartzen dituztenak, demokraziari eta aniztasunari eusteko funtsezkoak dira.