Saskia

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotala
Bidalketa azkarra Bidalketa normala Bidalketa gastuak Doako bidalketa
(Bidalketa doakoa izateko falta zaizkizu) falta zaizkizu kostua 2€ izan dadin
Deskontu-kupoia {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Zure deskontu kupoian {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ geratzen zaizu. Kontuan izan kupoia behin bakarrik erabil dezakezula
Ordainketa guztira
Bidalketak 24 ordutan. Bidalketak 72 ordutan. Liburua jasoko duzu: {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Une honetan ez duzu ezer saskian. Liburudendara joan.

Txalaparta eta sexua

Hogeita hamar urteko bizitzan, argitaletxe honek ahalegina egin du irakurleen gozamen espiritualak elikatzeko, 1.000 liburutik gorako katalogoari esker. Horien artean ez dira gutxi gorputzaren gozamenari dedikatuak. Jose Mari Esparzaren memoriak biltzen dituen liburua, Apologia, oso egokia da Txalapartaren liburuetan barna ibiltzeko, bide desberdinetatik. Eta bide honek sexura garamatza.

Sexualitatearen inguruko plazerekin lotutako gure aurreneko argitalpena 1985ekoa da, Altaffaylla elkarte gisa kaleratu genuen liburuxka ñimiño bat, La Teja de medianoche. Euskarazko bertsioa ere izan zuen -Gauerdiko teila-, Patxi Zabaletak itzulia, itxuraz hain serioa dugun gizonak bere alde lizuna-edo ere baduela erakutsita. Erdarazko “echar los tejos” hitz jokoaz baliatuta, limurtzearen arteari buruzko tratatu moduko bat zen hura, duela bi mila urte Ovidiok El arte de amar idazlanean egin zuenaren gisakoa. Euskal Herrian seigarren eta bederatzigarren manamenduak hausteko zailtasunen mitoari aurka egin zion, gorteatu eta elkarganatzeko formulak plazaratuz balizko maitaleentzat, elkarren adostasuna muga bakar.

Garai haietan, talde feministek eta homosexualek txalotu egin zituzten elkarrengana hurbiltzeaz, zirriez, laztanez eta xuxurlaz han jasotako proposamenak, bai eta hasierako ezezkoak gainditzeko setakeria sikaliptikoa ere, baina zalantzazkoa da gaur egun politikoki zuzenak izanen liratekeen. Arrakasta ikaragarria izan zen editore hasiberri haientzat, 50.000 ale argitaratu baitziren, eta, bistan da, zerikusia izanen zuen horretan atal zehatz batek, hau zioenak: hitz eta dohain gutxikoak aski zuen liburuxkaren ale bat sartzea, disimuluan, desio zuenaren poltsikoan, besteak jakin zezan, duda izpirik gabe, harekin jostatu nahi zuela. Batzuk poltsikoak liburuxkaz beterik ateratzen ziren parrandara, jakina, eta zenbait bikote badira orduz geroztik uztartuak. Nahi gabeko kalteak.

Gurea bezalako argitaletxe batek fronte horri heldu behar zion nahitaez, ikusirik zein gutxi lantzen zen, 68an iraultza sexualari buruz egin ziren proposamenen tokia pornografiak, monogamia endemikoak edo neopuritanismoak hartua zigutenetik. Bertolt Brechtek  ohartarazi zuen bidegabekeriaren kontrako haserreak ere desitxuratzen duela aurpegia, eta mundua maitasunerako prestatu nahi badugu, maitasunez jokatu behar dugula. Horrelako zerbait. Klase borroka, nazio askapena, zetroen eta tiaren suntsiketa, planetaren salbazioa, horiek denak bateragarri egin behar ditugu herri alaia, borrokalaria eta deshinibitua izatearekin. Baten batek publizitaterako goiburu hau proposatu zigun: «Ohera liburu on batekin joan zaitez beti, edo liburu on bat irakurri duen batekin».

Lanari bero-beroan heldu, eta, 1998an, izen sugerentea zuen bilduma batekin hasi ginen: Literotura. Literatura erotikoari buruzko euskarazko aurreneko bilduma, eta bakarra. Hasiera batean Juan Martín Elexpuruk zuzendu zuen, Edorta Jiménezek gero, zeinak, hura baliatuz, bere liburua ere argitara eman baitzuen, Stock 13, azalean zakil erori bat ageri zuena, idazlearena berarena, omen. Orain arte, bilduma horretatik idazle klasikoak pasatu dira, Sade edo Anaïs Nin, baita hurbilekoak ere, Aitor Arana, Paddy Rekalde edo Juan Karlos Merino, esate baterako. Eta harrigarria da, beharbada, baina liburu mota honen erosleak 20 urte baino gutxiagoko emakume euskaldunak izan ohi dira. Joan ziren betiko María Auxiliadoraren alaba haiek.

Gaztelaniaz zenbait liburu argitaratzeko eskubideak eskuratu genituen, baten bat erotismo aberekoi eta prosaikoaz, Sonia Rivera-Valdés kubatarraren Las historias prohibidas de Marta Veneranda, adibidez, edo Parraren Nadie los vio salir zorrotz eta magikoa, 2002ko Juan Rulfo Saria jaso zuena, ezkongaientzako opari sugerentea.

Azken urteotan, gure editore gazteek emakume batzuen lanak plazaratu dituzte gaztelaniaz. Oso idazle ausartak dira eta ideia transgesoreak dituzte sexuaz eta generoez: Sexual Herria, Itziar Zigarena, Malditas; Trasfeminismos; Vírgenes catódicas, putas recalcitrantes; Más allá de las etiquetas, etab., gutako batzuk xaharturik harrapatu gaituzten apustuak dira, eta zer esanik ez Diana J. Torres eta bere lanak, Pornoterrorismo edo Coño Potens, idazleak bere buruaz «marimacho, bollera, desviada, pervertida, delincuente, blasfema, fea y enferma» dela esaten baitu. Niri, egia esan, emakume xarmangarria iruditzen zait. Probokazioa muturreraino eramaten du, eta hala, liburuen aurkezpenetan biluztu edo masturbatzen da, emakumeen eiakulazioa erakusteko. Gu, usadio zaharreko zaldun libertinoak, aurkezpen heze horietatik aparte gelditzen saiatu gara, Gauerdiko teilaren babesean.

Sexuari buruzko gure argitalpenetara ere iritsi da zentsura: Facebookek bitan galarazi digu liburu-azal bat, Sexual Herria eta Pornoterrorismo liburuena. Badirudi, halere, zerbait ongi egin dugula, izan ere, 2011n, Euskal Herriko Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Mugimenduak (EGHAM) Urrezko Triangeluaren Saria eman zigulako, Gay Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira.

Iruzkinak 0 iruzkin

Deskontuak gure irakurle fidelentzat

Edizio independentearekin konpromisoa duten irakurle kritikoen kluba da Txalaparta KLUB. Komunitate hau gure argitaletxearen zutabea da, liburuak kaleratzeko eta ideiak zabaltzeko bide ematen diguna.
KLUBEKO KIDE IZAN eta abantaila guztiez baliatu.

Erlazionatutako artikuluak

Marco Teruggi: «No soy objetivo. Nadie pretende serlo en Venezuela, esté del lado en el que esté. Vine a ser parte de una historia y la defiendo»

2019.06. 4

Gazte Topaguneak eta Mendi Martxak | Ezker abertzaleko gazte antolakundeen 40 urteko historia

2019.06.10