Saskia

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotala
Bidalketa azkarra Bidalketa normala Bidalketa gastuak Doako bidalketa
(Bidalketa doakoa izateko falta zaizkizu) falta zaizkizu kostua 2€ izan dadin
Deskontu-kupoia {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Zure deskontu kupoian {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ geratzen zaizu. Kontuan izan kupoia behin bakarrik erabil dezakezula
Ordainketa guztira
Bidalketak 24 ordutan. Bidalketak 72 ordutan. Liburua jasoko duzu: {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Une honetan ez duzu ezer saskian. Liburudendara joan.
  • Home
  • Berriak
  • Hitzak kaleidoskopioan sartzearen plazera | Irati Jimenez |

Hitzak kaleidoskopioan sartzearen plazera | Irati Jimenez |

OdolaGatza eta Musua liburusken aurkezpenean Irati Jimenezek irakurritako testuak dira

 

Bat: Gatza

Gatza da gizakiok jaten dugun harri bakarra. Munduko hainbat lekutan botere mistikoak eman dizkiote. Hemen ere bai. Gatza erortzen zaionean jende batek apur bat hartu eta bota egiten du, bere atzera. Ekonomian izan duen garrantziaz konturatzeko aski da hitz bat, gaztelaniazko “salario”. Erromatarrek gatzetan ordaintzeaz gain, gatza garraiatzeko bideak sortu zituzten eta, esaten denez, kartagotarren lurrak gatzez erein zituzten, lurra sikatzeko. Hainbat industriatan garrantzia handia dauka gatzak eta osasunean eragin kaltegarria izan dezake, gehiegi jaten bada. Euskal Herrian badugu gatzaga bat baino gehiago. Ni oraindik akordatzen naiz zer izan zen niretzat Añanakoa ikustea, umetan. Nola harritu ninduen pasaia hark. Akordatzen naiz baita ere harritu nintzela jakin nuenean San Antongo elizan, Bilbon, badela gatzaren martiriei jarritako oroigarri bat. Horrela kontatu dut Gatza izeneko liburuskan.

“XVII. mendean gaude eta Espainiako Koroak Iparraldeko Europako gerretarako dirua behar du. Felipe IV. erregeak, Olivares abizeneko konde-dukearen aholkularitzarekin, gatzak dituen zergak igotzea erabaki du eta zerga horiek foru lurraldeetan kobratzea. 1631ko urtarrilean, albistea Bilbora heldu da: gatzaren salerosketa estatuaren esku geratzen da eta haren prezioa % 44 igoko da. Bizkaiak bidalitako ordezkariek ez dute Erregearen iritzia aldatzea lortzen eta Batzar Nagusietan milaka herritar batzen dira, arma eta guzti, korrejidoreari zerga hori bertan behera utz dezan eskatzeko. Ikaratuta, korrejidoreak bete egiten du herritarren esana baina Errege Agindua dator orduan, bildutako gatz guztia konfiskatuko dela eta Errege Ogasunarena soilik salduko dela.

1632ko urrian bilbotarrek erre egiten dituzte Erregearen aginduen berri ematen duten agiriak eta gatz biltegietara sartzen dira, indarrez. Matxinoek hil egiten dute Korrejidorearen prokuradorea eta Erregeak ordezkari berriak bidaltzen ditu baina alferrik. Egoera gaiztotu egiten da, Erregeak Bilbon sartzen den merkataritza guztia blokeatu egiten du eta horrekin ito egiten du Bizkaiko ekonomia. Bizkaiko ordezkariek ez dute Koroaren borondatea aldarazten eta 1634ko maiatzaren 14ko gauean matxinadako nagusietatik sei harrapatu eta hil egiten dituzte, San Antongo elizaren ondoan. Beste matxinoak barkatu egiten ditu erregeak giroa baretzearren eta gatzaren gaineko zerga bertan behera uzten du. Gaur egun, San Antongo elizan dagoen oroitarriak gogoratzen ditu «Bizkaiko jaurerriaren eta bere askatasunaren alde hildako sei martiriak”.

Bi: Musua

Nabarra aldizkariaren azken zuzendaria izan nintzen bi urtez, 2010 eta 2011an. Sasoi hartan erreportaje asko idatzi nituen, tartean, hitz baten inguruan harilkatutako bat, hilean behin. Hitz hori edozer izan zitekeen, eguneroko objektu bat, kolore bat, emozio bat, jaki bat. Hotza, orgasmoa, txokolatea, ilea, giltzak, ateak edo zuria izan ziren horietako batzuk.

Txalapartaren interesa ikusita, duela hilabete batzuk hiru aukeratu nituen eta Nabarran idatzitakoa oinarri hartu eta editatu egin nuen. Aldizkarirako tamainatik liburura pasa behar ginenez, hitz horien hariari tiratzen jarraitu nuen, Gatza, Musua eta Odola liburusketarako testuak osatzeraino. Esteban Montorio diseinatzaileak egin du hortik aurrerakoa. Bera izan zen Nabarraren azken bi urteetan aldizkariaren alde grafikoaz arduratu zen artesaua eta orain ere, berak eman dizkie hegoak hiru hitz hauei eta hitz hauen aitzakiarekin idatzitako beste guztiei.

Kaleidoskopio moduko bat da, azken batean, egiten saiatu garena. Txikitan baneukan bat, asko gustatzen zitzaidana. Orain jostailu arrunta iruditzen zait baina lehen aldiz erabili nuenean harritu egin ninduen begirada zabaltzeko modu horrek, hodia mugitu eta hantxe agertzen zen perspektiba guztiz berri bat. Hitzekin maiteminduta nagoenez, hitzak dira orain hodi horretan sartu ditudanak. Hodiari buelta eman diodan bakoitzean hitzari begiratzeko ikuspuntua aldatu dut, ea zer gertatzen zen. Odola, adibidez, gure organismoaren osagai bat da, baina Miguel Servet teologoarentzat arimaren garraibidea ere bazen, adibidez. Teoria horrek Inkisizioaren besoetara eta heriotzara eraman zuen Miguel Servet baina berari esker dakigu nola garraitzen duen bihotzak odola. Helburu teologikoa zeukan baina aurrerabide zientifiko ikaragarria egin zuen. Historia hori Alfonso Sastrek kontatu izan du Flores Rojas para Miguel Servet antzeslanean. Ez da literaturak odolera jo duten lehen aldia. Gurean, adibidez, oso presente dago, Odola liburuskan kontatu dudan legez.

Odolaren usaina (Susa, 1987) izan zen Mikel Albisuren bigarren ipuin bilduma eta Mailuaren odola izena jarri zion Aingeru Epaltzak Erresuma eta fedea bere trilogiaren lehen aleari, Gaztelak konkistatu osteko Nafarroan girotutako liburuari. Odoleko eskifaia (Elkar, 1989) izan zen, berriz, Omar Nabarroren bosgarren poema liburua eta bertakoa da "Odolotz" poema. «Sekula be logura ez den logura dakar euri honek: gorra / soraioa / odoleko eskifaiari dagiona / deiadar / Zainak baina burdin-hari bihurtu dira eta odoleko eskifaia gortuta datza / odolotz”.

Hiru: Odola

Nire lehen liburua Malcolm Xen biografia labur bat izan zen, gaztetxoei zuzenduta. 2002an argitaratu nuen, Txalapartarekin, gaztetxoei zuzendutako Axuri Beltza bilduman. Horregatik-edo, beti izan diot maitasun handia publiko horri. Publiko zaila dira ikasle gazteak eta gazteak, orokorrean. Ni neu institutuan eta eskolan nengoenean irakurle nahiko amorratua nintzen, halakoak ziren ama eta aita ere, eta inguruan milaka liburu zoragarri izan nituen. Baina badakit hori ez dela gazte askoren egoera, ez zaiei denei berdin gustatzen irakurtzea, ez dute denek etxean liburutegi berbera eta askotan, pentsatzen dut, ez dituzte maitatzen literaturaren historia ikasten dugunean irakurri behar izaten ditugun liburuetako asko.

Nik neuk onartzen dut nahiko liluratuta nagoela publiko horrekin, gure kultur kontsumoak adin horietan sortzen direlako, maila handi batean; gure kultur industriek behar dituztelako; gure kulturak ezin dituelako galdu, loretzen jarraituko bada. Baina baita asko eman didatelako ere. Bat, bi, Manchester zein Nora ez dakizun hori eleberriak idatzi nituenean ez nekien zenbat ikaslerekin, zenbat irakurle gazterekin komentatuko nituen. Baina Euskal Idazleen Elkartearen “Idazleak eskoletan” programari esker, urteak eman ditut eskolaz-eskola, institutuz-institutu horixe egiten.

Gehienetan oso esperientzia onak izan dira, batzuetan irakurleekin izan ditudan hoberenak. Liburu bati begiratzeko diogun modua adinari ere badago lotuta eta adin horretako begirada hain da berezia, potentea, aukeraz betea, zaurgarria eta ederra! Liburu baten kaleidoskopioa osatzeko azken pieza da beste guztiari balioa ematen diona eta pieza horretan ez nituzke inoiz irakurle gazteak ahaztu nahi.

Jakina, liburu hauek ez dira soilik gazteentzat, izan ere, ez dut uste publikoak hain modu hertsian banatu daitezkeenik. Gaur egun, nire liburu faboritoen artea, bada 13 urterekin irakurritakorik, adibidez. Gainera, Nabarran publiko orokorrarentzat pentsatu nituen eta liburu laburrak izateaz gain, aldizkariak edo erreportaje luzetxoak izaten jarraitzen dute. Beraz, komunean irakurtzeko egokiak dira! Baina egia da bilduma bera publiko gazteenari zuzenduta dagoela. Konbentzituta nago literaturak gatzaren haien odola behar duela. Eta haien musua.

Musuari dagokion bitxikeria da, beraz, eskeini nahi dizuedan azken testutxoa. Hala diot, Musua liburuskan.

“1980ko hamarkadan musuei buruz egindako ikerketa batek zera zioen: lantokira joateko etxetik ateratzerakoan emazteari musu ematen dioten gizonezkoak luzeago bizi direla, auto istripu gutxiago dituztela eta, batez beste, diru gehiago irabazten dutela! Ez dakigu sinetsi ala ez, askotxo esaten baitu lanaren fidagarritasunari buruz lanetik etxera ateratzen diren gizonezkoak eta etxean geratzen diren andrazkoak aukeratze hutsak”.

Iruzkinak 0 iruzkin

Deskontuak gure irakurle fidelentzat

Edizio independentearekin konpromisoa duten irakurle kritikoen kluba da Txalaparta KLUB. Komunitate hau gure argitaletxearen zutabea da, liburuak kaleratzeko eta ideiak zabaltzeko bide ematen diguna.
KLUBEKO KIDE IZAN eta abantaila guztiez baliatu.

Erlazionatutako artikuluak

El Filtro: Una hermosa lección que nunca ovidaremos · 22 años |

2016.08.24

La traición del PSOE en Navarra (Arbeloa: regresa el caballo de Troya) | Jose Mari Esparza |

2016.11.10